Zaunka Albaitaritza Klinikaren blogari hasiera emateko, gure kontsultetan gehien errepikatzen diren kezka, galdera eta esku-hartzeetako bati buruzko artikulu-sorta bat dakargu: gure maskoten hortzetako tartaroa (edo lertia), ahoko usain txarra, hortzen galera...
Artikulu-sorta honetan txakurrak eta katuak izango ditugu hizpide; izan ere, animalia exotikoen —hala nola untxien eta karraskarien— hortzetako patologiak guztiz bestelako mundu bat dira, eta aurrerago eskainiko diegu beren lekua.
Gainera, kasu hauetan sortzen diren kezka nagusiei erantzungo diegu: hortzak galtzea edo atera behar izatea, eta anestesia orokorra.
Familia osoa joaten da dentistarengana, baita gure animaliak ere
Gutxi-asko, guztiok igaro gara inoiz dentistaren kontsultatik, eta egin dizkigute hortzetako erradiografiak, ortopantomografiak edo baita OTA (TAC) bat ere.
Horren arrazoia da, berez, hortza iceberg baten modukoa dela: ikusten dugun zatia, «koroa», hortzaren atal bat baino ez da. Hortzaren gainerako guztia, oiak estaltzen duena eta aurpegiko hezurretara lotuta dagoena, «sustraia» da.
Eta, hain zuzen ere, ikusi ezin dugun atal horretan ezkuta daitezke hortzetako gaixotasunik larrienetako batzuk.
Gaixotasun periodontala: tartaroa baino askoz gehiago
Gaixotasun periodontala txakur eta katuen artean ohikoenetakoa den patologia da. Bakterio-plakaren metaketarekin hasten da (giza begiarentzat ikusezina dena); horrek oien hantura (gingibitisa) eragiten du eta, aurrera eginez gero, hortzei eusten dieten ehunak suntsitu ditzake (periodontitisa). Egoera horri hasieratik heltzen badiogu, hortza salba dezakegu tratamendu espezializatuen bidez.
Detektatu gabe aurrera jarraitzen badu, hortzak erortzea eragin dezake, hortzen mugikortasuna, infekzioak eta hezur-galera ere sortzen baitira.
Eta, batez ere, bada oso kontuan izan behar dugun zerbait: gure txakurrak edo katuak jaten jarraitzeak ez du esan nahi hortzetako minik ez duenik. Animalia askok normaltasun osoz jaten jarraitzen dute, baita lesio larriak dituztenean ere; edo pentsu lehorra baztertzen dute, eta janari biguna, etxekoa, latak eta antzekoak soilik jaten dituzte.
Nola aurki dezakegu ikusten ez duguna?
Etxean edo kontsultan, kanpotik ikusten den tartaroa, oien egoera edo hautsitako hortzak dauden balora dezakegu, baina aho osoaren osasuna benetan ezagutzeko, ezinbestekoa da azterketa odontologiko oso bat egitea.
Horretarako, funtsezko bi tresna ditugu:
1. Zundaketa periodontala Hortz bakoitza zunda txiki batekin inguratzen dugu, hortzaren eta oiaren arteko tartearen sakonera neurtzeko. Horri esker, «askatutako» eremuak, poltsa periodontalak, hantura eta hortzei eusten dieten ehunen galera hauteman ditzakegu, kanpotik osasuntsu daudela diruditen arren.
2. Aho barneko erradiografiak Aho barruan sentsore txiki bat sartuta, hortzetako erradiografiek hortzen sustraiak eta inguruko hezurra ikusteko aukera ematen digute. Modu horretan, bestela oharkabean pasatuko liratekeen lesioak aurkitzen ditugu: infekzioak, hezur-galera, sustrai-hausturak edo hortz-birxurgapeneko lesioak —azken horiek bereziki ohikoak dira katuetan (jarraian duzuen irudian ikus daitekeen bezala)—.
Horregatik, aho osoko erradiografiak funtsezkoak eta ezinbestekoak dira ebaluazio odontologiko oso bat egiteko. Hortz batek erabat osasuntsua eman dezake kanpotik, eta lesio larri bat ezkutatu oiaren azpian.
Eta zergatik da beharrezkoa anestesia orokorra?
Hau da kontsultan gehien egiten diguten galderetako bat. Eta guztiz ulergarria da, ohiko kezka baita.
Ikusi dugunez, esku-hartze odontologiko bat ez da soilik begi-bistako tartaroa kentzea. Hortz bakoitza barrutik eta kanpotik aztertu behar dugu, gainazal osoan zundaketa periodontala egin, erradiografiak atera eta oien azpiko aldea ere garbitu. Horrek guztiak zehaztasuna, animalia geldirik egotea eta, batez ere, arnasbidearen babes egokia eskatzen du; eta hori intubazio endotrakeala duen anestesia orokorraren bidez lortzen dugu. Ultrasoinu-aparatuak bero handia sortzen du, eta esmaltea ez kaltzeko ur asko erabili behar da.
Jakina, anestesiak baditu arriskuak, baina aurretiazko balorazio batek, banakako protokolo batek eta monitorizazio egoki batek arrisku horiek murriztea ahalbidetzen dute. Zaunkan anestesia-makina aurreratua eta prestakuntza handiko lantaldea ditugu, arrisku guztiak ahalik eta gehien murrizteko.
Eta anestesiarik gabeko garbiketak? Hortzen kanpoko itxura hobetu badezakete ere, ez dute azterketa oso bat egiteko aukerarik ematen, ezta oien azpian ezkutatzen diren gaixotasunak behar bezala tratatzeko ere. Itxuraz garbi dagoen aho bat ez da beti aho osasuntsu bat.
Zaunka Albaitaritza Klinikan uste dugu gure maskoten osasuna eta bizi-kalitatea zaintzeak aho-hortzen egoera ona bermatzea ere eskatzen duela; eta horrek esan nahi du ikusten dugunetik harago joan behar dugula, balizko arazoei irtenbidea emanez haien ongizatea arriskuan jarri aurretik.
Izan ere, odontologian, ikusten ez duguna aurrean duguna bezain garrantzitsua izan daiteke.
Eta zer egin dezakegu arazo horiei aurrea hartzeko?
Orain badakigu zer ezkuta daitekeen oien azpian, eta ezinbesteko galdera bat sortzen da: saihestu al dezakegu gaixotasun horiek agertzea?
Gure hurrengo artikuluan hortzetako prebentzioaz hitz egingo dugu: eskuilatzea, elikadura, ahoko higienerako produktuak eta gure txakur eta katuen ahoa osasuntsu mantentzeko benetan funtzionatzen duten neurriak. Ez hutsik egin!
Hurrengo artikulura arte!
